XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elhuyarreko Luis M. Bandres

1980. urtearen irailaren hamaikan, larogeitamalau urterekin, Piaget mende honetako psiko-pedagogo handiena, hil zen Geneven.

Piaget 1921. urtean Geneveko J.J. Rousseau deitutako Institutura heldu zen eta harrez gero, bere heriotza arte, bertan jarraitu zuen.

Gaur egun Institutu hori beste izen batez ezagutzen da: Psikologia eta Hezkuntz Zientzietako Eskola (askotan izen luze hori esan beharrean frantzesez dagozkion siglak aipatzen dira: E.P.S.E.).

Piaget 1929. urtetik aurrera esandako Institutuko (garai hartan hala zen) edo Eskolako (gaurko izenaren arabera) zuzendaria izan zen.

Hasiera batean Piagetek, bere epistemologia genetikoa adierazi ahal izateko biologia estudiatu zuen eta oraingo E.P.S.E. horretan orain dela zenbait urte gai horri buruz egiten dira lan gehientsuenak.

Azkeneko urteetan, beste gai osagarria batzu ere ikertu behar izan dira, bertan besteak beste: psikologia genetikoa, logika matematikoa, filosofia, etab.

Piaget adar guzti horietaz, eta beste batzutaz ere arduratu zen eta gaur egun mundu guztian ezagutzen diren ikerketa asko eta asko egin zituen.

Halaz eta guztiz ere, eta nahiz Piageten ikerketa-lanek aipatutako gai desberdinak ikutu badituzte ere, bere lan ezagunenak haurraren psikologiari buruzkoak dira.

Haurraren garapenaren lau etapetako bere teoria famatua leku guztietan onartuta dago, teoria mailan, behintzat.

Haurraren psikologiari buruzko Piageten lehenengo urratsak bere etxean eman zituen horretarako bere hiru haurrak hartu zituen gaitzat, eta ikerketa horren bidez lehenengo ideiak eta oinarri teorikoak intuitu zituen.

Gaur egun E.P.S.E.n Piagetek ezarritako metodologia bera erabiltzen da.

Bertako irakasle eta ikasleek haur-taldeekin lan egiten dute eta Piageten testen bidez, haurren garapena estudiatzen dute.

Horretarako eta berak lortutako datuez gain, zenbait Ikastetxetatik bidaldutako datuak ere erabiltzen dituzte.

Ikerketa guzti hauek direla eta, egunez egun haurren garapenari buruz gehiago dakigula aitor dezakegu.

Haurren ezagupenaren sorrerari buruzko bere ideiatan oinarrizko puntu bat dago: haurraren garapen-prozesuan garrantzi handiena bere eragipen-alderdiak daukala eta horrekin batera, haurrak, bere ezagupena egitaratzen duten lanabesak eskuratzeko, gauzekin aritu behar duela.

Hori dela eta, hezkuntz psikologian ondorio argi eta garbi bat sortzen da: pertsonak lehenengo aldiunetik bere higiduraren eta objetuen kontzientzia har dezan experientzia sentikorra eduki behar duela.

Guzti honek, zer esanik ez, pedagogi arloan bide argi bat markatzen du: haurrak objetuekin kontaktuan egon behar duela, hots, objetu horiek benetan erabili behar dituela.

Rousseaukin hasten den, Claparedekin jarraitzen duen eta Piagetekin gailurrera heltzen den pedagogiaren bide berria, dirudienez.

Bere garrantzia oso handia zen aroaren bukaerara heltzen ari da.

Eta aro guztien bukaeran bezala gertatutakoaren ikerketa sendo bat egitea oso bidezkoa izango litzateke.

Baina beharrezkoa den ikerketa hori egin baino lehen datua gisa, oso adierazgarria den emaitza bat daukagu: Suizako eskola-haurren koefiziente intelektuala Europako altuenetako bat dela.

Beraz, Euskal Herrian eskolaren plangintza sakon bat egin behar delakotan nago, horretarako beste lekutan hain uzta ona eman duten bideak ezagunak dira eta nahi izango bagenu guk ere erabil genitzake, zeren, nire eritziz, Euskal Herria is not different.